Bertsolaritza
Añorgaren eta bertsolaritzaren arteko lotura aspaldikoa da. Garai bakoitzak bere modura bizi izan du Añorga, eta, ondorioz, baita bertsolaritza ere. Dena den, belaunaldi bakoitzaren testigantzak hamaika bertsotan islatuta geratu izan dira.
XX mendearen aurretik ere inguruko baserri-inguruetako kontuak bertsotan adierazi ziren. Idatzizko liburuetatik kanpo geratu ziren alfabetatu gabeko añorgatarrentzat, bertsoa beren bizipen, sentsazio eta esperientziak kontatzeko eta ahoz aho zabaltzeko tresna izan ziren hamarkada askotan. Horietako asko galdu egin dira, beste batzuk iritsi izan dira belaunaldi berrietara.
Mattin eta Xalbador Añorgan
Gatozen garai hurbilagoetara. 60ko hamarkadaren bukaerara eta 70ekoaren hasierara. Francoren azkeneko urteak dira, euskal kulturarentzat arnasberritze bat, eta Añorgan ere garaiko joerak iritsi ziren. Joxe Mari Aranalde zegoen apaiz eta, bere eskutik, garaiko bertsolari onenak etorri ziren Añorgan kantatzera. Lasarte, Lazkao-Txiki, Azpillaga, Lopategi… Eta oraindik Bidasoa gutxitan zeharkatu zuten Mattin eta Xalbador ere bai.
Tartean, historiarako geratu zen bertsoaldi bat jaso zuten belarri-zabalik zeuden añorgatarrek. Joxe Mari Aranaldek bakarka aritzeko gaia jarri dio Mattini: Parisen bizi den semeari kantatzeko. Hemen Mattinen hiru bertso hunkigarriak:
Oraintxe gaia etorri baitzait hemen neri bat batera,
hala beharrez, nere semea, hi juan haiz Parisera;
bainan aitaren esan hau beti hartu behauk bihotzera:
urte batzuek hor pasata’re etorri behauk etxera.
Nik bazakiat hi ez haizela Parisa joana gogotik,
pena haundia huen partitzia ait’et’amaren ondotik;
bainan bizitzeko gizonak asko ikusi behar tik;
hire bihotza bein ez urrundu hik, otoi, Eskual Herritik.
Herri txikitik partitua haiz Parise herri haundira,
ait’eta ama haretxetikan hor zaudek hiri begira;
urte batzuek hor pasata’re Parisen, itzul ta bira,
ait’amengana etor adi ta lenbailen Euskal herrira.
Hirugarren bertsoa bukatu aurretik negarrez lehertu da ahetzeko bertsolari umoretsua. Zirrara sakona sumatu da entzuleengan, eta baita bertsokideengan. Baita oholtzan dagoen Xalbadorrengan ere. Urepelera itzuli arren, lagunaren sufrimendua burutik ezin kenduta dabil. Eta garaiko egoera eta pentsamendua ederki islatzen dituzten bertso hauek jarriko ditu:
Mattin, zu atzo arte irriaren giltza,
gaur euskal mingainetan kurri zabiltza;
izpiritua duzu argi ta zorrotza,
jend’artean omore pitzarazle gaitza:
gainerako gauza
ginaukazun hotza,
zure nigar otsa
ginuen arrotza;
atzo ikusi dugu zure bihotza.
Atzo ere zinuen arrai aurpegia,
eman dautzuten arte suiet berria;
harek zaitu ezarri galdurik irria,
nigar bero batekin bustirik begia;
ixtripu guzia
zagon ikusia,
zure sarraskia
zutela hunkia:
gorderik zineraman zauri bizia.
Aranalde apeza gai emaile fina,
hark dautzu jauz arazi nigar zotina;
semeaz kantatzea zautzun galdegina,
nola Paris alderat dautzun aldegina;
ez bada burdina,
atzotik aintzina
daukala jakina
zonbat den samina seme urrunduaren aitaren mina.
Mattin, ni ere nauzu naigabean lagun,
nola biek semeak urrun ditugun;
Jainkoak berak daki nor garen hobendun
ala guhauren faltaz urrundu zauzkigun;
hola gau ta egun
egon gabe ilun,
aztertu dezagun
joan aintzin hoin urrun
hartze zuten laguntzik eman diegun.
Horra, ikusten duzu, etzira bakarrik,
zama hau har dezagun bi aldetarik;
bainan, laguna, otoi, ez egin nigarrik,
gure semek ez dute tristura beharrik;
ez dute hargatik
desterru hartarik
ahanzten aitarik
ez eta amarik;
urruntzeak hortako ez du indarrik.
Ez dezagun eduki horrenbertze dolu,
semeak itzuliko baitzerauzkigu;
herria ez uzteko hoinbertze aholku
gure kantaldietan emanik badugu;
uda eta negu
euskal semer oihu
egin diotegu;
zer medikuak gu
gaitza etxean sartzen balitzerauku!
Euskal haurrak etxetik urrun joaitea
da mendeak dakarren ezin bestea;
jakinik baduela zorion partea,
hura ezin bilatuz dabila gaztea;
gure gizartea,
herria, etxea,
semetaz hustea
zer gauza tristea!
Urrikal zakizkigu, Jainko maitea!
Atsegaberik baizik ez dago munduan:
ait’amek ezin beira haurrak ondoan,
urrundu denak berriz herria gogoan;
errazu zoriona non dagon orduan;
lurreko guduan
gaiten hau buruan:
aintzin alde joan
sineste fermuan
saria badaukala Jaunak zeruan.
Orixe Saria
70eko hamarkadaren hasiera da. Añorgako zenbait bertsozale ez dira urtean saio bat antolatzearekin konformatzen. Garaiko izen handiez gain bertsolari gazteak ere entzun nahi dituzte; beren modura lagundu nahi dute bertsolaritzan belaunaldi berriak txerta daitezen. 1972an aurkituko dute horretarako formula: sariketa bat. Sariketari izena jartzeko beste apaiz bat izango dute gogoan: Orixe Saria. Halaxe hasiko dira hamasei ediziotara iritsiko den ekimena antolatzen.
- hamarkadaren aurretik antolatu ziren lehendabiziko bost edizioak, eta ondoren, eten luze baten ondoren, 1997an ekin zioten antolaketa-lanari, helburuak aldatuta. Bertsolari gazteentzat beharrean, plazan gutxiago aritzen diren adin batetik gorako bertsolariei deituko diete kantatzeko. Hauek izan dira urte hauetako txapeldunak:
- 1972an Euxebio Igartzabal
- 1975ean Xabier Zeberio
- 1976an Juan Mari Narbaiza
- 1977an Jon Enbeita
- 1978an Luis Otamendi
- 1997an Arkaitz Goikoetxea
- 1999an Pablo Suberbiola
- 2001ean Ainhoa Agirreazaldegi
- 2003an Estitxu Eizagirre
- 2005ean Ekaitz Goikoetxea
- 2007an Unai Agirre
- 2009an Ibai Esoain
- 2011n Jokin Uranga
- 2013an Iñigo Mantzizidor “Mantxi”
- 2015ean Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”
- 2018an Iñaki Zelaia
Añorgatarrak bertsolari
Eragiten bakarrik ez, oholtza gainean kantuan aritu izan da añorgatar bat baino gehiago. Josu Garzia Eskolarteko txapeldun izan zen idatziz, eta haren segidan etorri ziren Unai eta Beñat Gaztelumendi eta, zubietarra izan arren erdi añorgatartua daukagun Asier Azpiroz ere. Azken hiru hauek plazarik plaza jarraitzen dute gaur egun, eta txapel bat baino gehiago jantzitakoak dira.
Bertso-afariak festetan
Bertsolaritza auzoan giro bat sortzeko eta jendea biltzeko aitzakia ederra izanik, festetan urtero bete izan du bere lekua. Añorgatar beteranoenek gogoan izango dituzte 90. hamarkadatik hasita, beste bertsolari batzuk tartean izan baziren ere, nagusiki Andoni Egañarekin eta Sebastian Lizasorekin egindako bertso-afari luzeak. Ondoren bestelako formulak bilatu izan dira: bertso saio musikatuak, bertso jaialdiak… Karmenetako ezinbesteko osagai izan dira bertso-saioak.
Bertso gauak eta xouak
Horrez gain, festarik gabeko garaietan ere izan du bertsoak Añorgan lekurik. Aipatzeko modukoak dira euskal presoen aldeko kanpaldien aitzakian gabon-garaian zinean egindako bertso-afari luze eta xelebreak eta “Zaharrak berri xou” emanaldiak Xabier Silveira, Jokin Uranga, Haritz Etxeberria “Ministro” eta beste hainbatekin.
Bertso eskola
Azkenik, 2008tik hona bertso eskola martxan eduki dugu Añorgan. Ostiral arratsaldero bertso bidez asteko ibileren errepasoa egin izan dute helduen taldean, eta, horrez gain, gazte eta gaztetxoen taldeak ere sortu izan dira, bai Amassorrain ikastolan eta baita Añorgan bertan ere. Horixe da historia honek aurrera jarraituko duenaren berme nagusia.
Egin zaitez bazkide eta parte hartu!!!
Zu bezalako partaideak behar ditugu.
Elkarlanean Añorgako bizitza sortu dezagun!