Añorga Kultur eta Kirol elkartea
HISTORIA, ATZO eta GAUR
Elkarte honen helburua Añorgako bizitzan, kultur eta kirol arloen dinamikan, erreferente izatea da. Gauza ezaguna da, elkartearen inguruan, berau elementu lotesle izanik, auzo barruan kohesio handiago bat eragin zela , eta bizilagunen arteko auzo kidetasun sentimendua areagotu zela.
Elkartea, “Club Deportivo Añorga” izenez, 1922ko abuztuaren 28an eratu zen. Izen horren lehen itzulpenean “Añorga Kirol Elkartea” gisa agertu zen eta, geroago, “Añorga Kultur eta Kirol Elkartea” izen behin betikoa zuela. “Kultur” hitza erantsita, elkartearen asmo kultural irmoa adierazi zen.
Fundatzaileak, “Cementos Rezola”ko langileak, ezin iragar zezaketen aisialdirako klub xume haren sorkuntzak,ia ezagutzen ez zen txoko batean kokatuak, halako aktibitate arrastoa, nola kantitatean hala kalitatean, utziko zuenik. Eta iniziatiba ugariren hazitegi izan baldin bazen Añorga barruan, ondo asko barreiatu zuen kanpo aldera ere bere izena.
Elkarte honen garapenean, pertsona askoren inplikazio erabakigarriaz gainera, funtsezkoa izan zen bere jarduerak burutzea posible egingo zuten kokalekuen eraikuntza: egoitza soziala, antzoki-zinea eta kirol instalazioak (futbol zelaia, pilotalekua eta bolatokia).
Egoitza sozialaren eraikuntzak, aurreranzko hainbat urrats ezarri zituen hobetze eta finkatze bidean. Hasiera batean, Zementerako laborategi zaharrean kokatu zen eta, bi hilabete geroago, Taberna Berriko alokairuan utzitako lokal batean. 1923Ko abendutik aurrera, Zementerak lagunduta, geroago “Elkarte Zaharra” izenez ezagutu zen ia hirurogeita hamar metro karratuko lokal xume baten jabe egin zen elkartea. Lokal horren gainean, 1932an, “Jolas Etxea” izena eman zitzaion eraikin berri bat egin zen. Bata eta bestea, “Añorgako Etxea” gisa ere izenda zitezkeen, auzokoen kezka eta jarduera asko eta askoren aterpe eta topaleku izan baitziren biak.
Eta azkenik, orube horren beraren gainean eraiki zen, 1960an, oinplano berriko eraikin zabala, gaur egungo taberna, jangela eta bulegoak.
Elkartearen antolaketa egituraren transformazioan erabakigarria izango den 1963. urtean, Zementerak ordura arte emandako babesa bertan behera uztea erabakitzen du eta bere instalazio guztien autonomia administratiboa uzten dio. Irakurketa desberdinak eduki dezakeen erabakia izanik, Elkarteak erronkari berriro ere aurre egin zion eta bere jardueren erritmoa mantendu egin zuen. Estuasun ekonomikoak aurrez aurre bai, baina autonomiaz gozatzeko aukera paregabea ere izan zuen.
- hamarkadan halako parte hartze krisi bat gertatzen da, auzotarren bizitzeko forma berriak direla eta, auzo barruan baino gehiago handik kanpo ibiltzen baitziren. Biztanle berriak ere auzoko bizimodura oso astiro moldatzen joan ziren, eta poliki-poliki, baina bertako bizitzan eta arazoetan inplikatzen hasi ziren.
Hurrengo urteetan Elkartearen bizitasuna nabarmentzen duen bi gertaera gutxienez izan ziren: Lehena, 1995. urtean izan zen eta Añorga Egunaren ospakizuna litzake. Bertan laurehun pertsona baino gehiago bildu baitziren eguna ospatzeko, urte osoan zehar lanean ibilitako kirolariak eta kolaboratzaileak,
Eta bestea 1997an, Elkarteko 75. Urteurrenean. Ospakizunak urte osoan zehar eta lau egun berezi eta jarraituetan izan ziren.
Gaur egun A.K.K.E.ak gutxi gora behera 450 bazkide eta hainbat sailetan 1000 kirolari inguru ditu.
Laburpen laburra eginez, Elkarteak kultura ekintzen arloan zinema, antzerkia, bertsolaritza, dantza, hitzaldiak, festak, musika edota aldizkarien argitalpenak aurrera eraman ditu. Kirol jardueretan, pilota, futbola, saskibaloia, triatloia, mendia, eta jada desagertuak diren, atletismoa, txirrindularitza, bolak eta toka, ehiza, arrantza, xakea eta halterofilia jorratu ditu.
Bere ia 100 urteko historia luzean, Elkarte honek ehunka pertsonen ardura eta ahaleginak izan ditu bidelagun, lekurik ez dago guztion lana behar den bezala eskertzeko eta hasieratik bukaerarte, konpromezua eta auzolana izan dira bere bizkarhezur.
(Esker bereziak Gorga Mintegia eta Manolo Cainzos, “Añorga lehen eta orain” liburuaren egilea, informazio jasoketan egiten duten lan guztiagaitik)
Añorga Eguna
Juntako partaideak
Jarraitu Añorga KKE facebook-en
Egin zaitez bazkide eta parte hartu!!!
Zu bezalako partaideak behar ditugu.
Elkarlanean Añorgako bizitza sortu dezagun!