Historia
Gipuzkoako dantzen tradizioan toki nabarmena dute Añorgako Dantzariek, besteak beste, urratsetan, doinuetan eta koreografian. Añorgako lehen dantza-maisua Jose Lorenzo Pujana izan zen, 1926. Urtean kontratatu zuen Rezola fabrikak auzoko gazteei dantzan irakasteko, eta gizartearen babesa lortzeko. Pujanak Juan Inazio Iztuetaren ikasle izandako Jose Antonio Olanorekin ikasi zuen. Sistema horrek 1936ko gerra arte jarraitu zuen, eta behin gerra bukatuta, ikasle haiek transmisio lana egin zuten belaunaldiz belaunaldi. Jose Lorenzoren seme Kandido ere ibili zen trebakuntza lanetan.
Joan den mendeko 70eko hamarkadara arte iraun zuen sistema hark eta garai horretan, Josema Mendiola añorgatarrak hartu zuen Añorgako dantza taldeko maisu papera. Tarte horretan, Añorgako dantzari eta musikari ugari Donostiako Argia taldean hasi ziren dantzan, Juan Antonio Urbeltz ikertzailearen eta koreografoaren zuzendaritzapean, eta garai hartako kultur eztandako partaide aktiboak izan ziren. Ondorengo dantzari-belaunaldiak, Euskal Herriko probintzia guztietako dantza gehienak ikastearekin batera, Urbeltzen ikuskizunetan aritzen dira ordutik.
Arkaitz Añorgako Dantzariak taldeak gaur egun ezagutzen duen egitura 80ko hamarkadatik aurrera hartu zuen. Haurrentzako dantza-eskola sortu zen, eta nagusien taldeak Euskal Herriko tokian tokiko dantzekin osatutako emanaldiak egiteari ekin zion. Modu horretan, añorgatarren komunitatea sendotzen dute dantzaren bidez, eta Añorgaren nortasuna erakusten dute etenik gabeko tradizio biziarekin.
2009an Añorgako Dantzariak berriz ere hasi ziren Ezpata-dantza eta Brokel-dantza egiten, XXI. mendeko gizartearen ezaugarrietara egokituta, eta ordutik urtero egiten dute Añorgan Karmen Egunean, uztailaren 16an, eta Donostian Konstituzio plazan Amabirjinaren egunean, abuztuaren 15ean. Horrela, Euskal Herriko kultur ondareari balio handiko ekarpena egiten diote, Gipuzkoako dantzen erreferenteetako bat diren neurrian.
GAUR EGUNGO EGOERA
Gaur egun, helduen taldean 35 bat dantzari gara. Haurretan berriz, lau talde ditugu, eta bakoitzean 10-15 haur inguru daude. Sei urterekin hasten dira haurrak eta 14 urterekin igarotzen dira helduen taldera.
Añorga auzo txiki bat izanik eta gaur egun dagoen aisialdirako eskaintza askoz ere zabalagoa dela kontuan hartuta, 30 dantzari heldu eta 40 bat haur izatea ez da gutxi. Garrantzitsua da dantza taldeak gizarte aktibo bat izaten jarraitzen duela auzoan, eta auzoarentzat ez litzateke seinale ona izango dantza talderik ez egotea. Ondare bat jaso dugu, eta hori transmititzeko arrazoi nagusiak dira nortasuna eta komunitatea.
Helduen dantza taldeak hiru emanaldi izaten ditu ziurtatuak urtean:
- Brokel zikloa Karmengo Amaren egunean, Uztailaren 16an, Añorgan
- Brokel zikloa Donostiako Ama Birjinaren egunean, Abuztuaren 15ean
- Aste Santu inguruan, Añorgan:
Euskal Herriko hiriburu ezberdinetako dantzak biltzen dituen emanaldia eskeintzen dugu. Horretarako, Dantzan Ikasi Elkarteak Errenteriako dantzagunean antolatu izan dituen ikastaroetan parte hartu izan dugu.
Badira 4-5 urte guk ere añorgan urtero antolatzen dugula Dantzari Txiki Eguna. Egun osoko egitaraua izaten da. Hainbat gauza ikasten dituzte egun hauetan dantzari txikienek; jende aurrean aritzen, taldeko lanean parte hartzen eta beste herrietako dantzariak ezagutzen dituzte baita ere. Euskal Herriko dantzari sarea berritzeko ezinbestekoa da hori.
Dantzari txiki egunez gain, haurrek ere Amassorrain ikastolako kurtso amaierako jaialdian eta Añorgako Karmengo festetako lehenengo igandean ospatzen den Jubilatu egunean dantzatzen dute.
2020-2021 IKASTURTEA
Aurtengo ikasturtea berezia izan den arren aukera ezberdinak izan ditugu ikasitakoa erakusteko. Urrian, hasi berri ginela, “Dantzari ttipi, lau urrats eta kitto!” ikastaroa jasotzeko aukera izan genuen. Claude Iruretagoyenak eta Ion Olascuagak eskaintzen duten ikastaroan egon ginen zeinbait taldekide, gazteenei dantza tradizionala lantzeko eredu berri bat ikasteko.
Abenduaren 18an, Gipuzkoako diputazioak urtero antolatzen duen Urrezko Domina ekitaldian parte hartu genuen aurtengoan ere taldeko zenbait dantzarik. Aspegi elkartea (Emakume profesional eta enpresarien Gipuzkoako elkartea) izan zen oraingoan omendua.
Otsailan, Easo Politeknikoko zenbait ikaslek Aspanogi ekartearen aldeko elkartasun festa antolatu zuten gure auzoan eta ekitaldian taldeko haurrek dantza saio polit bat egiteko aukera izan zuten. Eguraldiak gehiegi lagundu ez arren, jende asko hurbildu zen eta goiz polita pasa genuen elkarrekin. Tonbola ere antolatu zuten eta dantza taldeak ahal izan zuen neurrian lagundu zuen taldeko zenbait kamiseta banatuz.
Helduok Apirilan egitea pentsatua genuen emanaldia bertan behera geratu zen eta kurtsoan zehar ikasitako dantzen erakustaldia atzeratu egin behar izan zen. Aurten, aspaldi egin gabeko Eltziegoko dantzak, Arratiako dantzak, Lekeitioko kaxarranka eta Behe Nafarroako polkak lantzen aritu gara eta gazte askok ikasi gabe zituzten dantza hauek ikasteko aukera izan dute.
Taldeko txikienei ere nabarmen eragin die konfinamenduak, Añorgako dantzari txiki eguna, Herrerakoa, Astigarragakoa eta Donibane Lohitzunekoa (azken honetan helduok ere parte hartuko lukete) bertan behera geratuz, eta ikasturtea apirilan bukatutzat jo behar izanik.
Hala ere, konfinamenduan zehar taldekideon artean harremana mantentzen saiatu gara, bideokonfrerentzien bidez entsaio birtualak eginez, zenbait tutorial grabatuz talderako bideoteka egiteko asmoz eta taldeko instagram kontuan (arkaitzanorgakodantzariak) ikusgai dauden bideo montajeak eginez.
Ekainaren 23an, San juan bezpera ospatzeko Donostiako udaletxeak antolatu zuen ekitaldi berezian parte hartzeko aukera izan genuen eta taldeko bi dantzarik konstituzio plazan dantzatu zuten hiriko beste zenbait dantza taldeekin batera.
Bukatzeko, aipatu dugun Añorgako Karmen eguneko emanaldia bertan behera geratu zen baina Donostiako ama birjina eguneko brokel zikloa egiteko aukera izan genuen, aurten aldiz, plaza berrin batean, Trinitate plazan.
EZKONTZAK
Ezkontza edo omenaldi baterako dantzari bila bazabiltza, hementxe duzu aukera. Hauxe da guk eskaintzen duguna:
- Zortzi dantzarik eta txistulari batek parte hartzen dute. Eliza barruan, bi dantzarik ezpata-dantza dantzatzeko aukera dago. Hala ere, aldez aurretik apaizarekin edo udaletxeko arduradunarekin adostu behar da hori; izan ere, zenbait eliza edo udaletxetan galarazita dago barruan dantzatzea. Ondoren, elizatik ateratzean, sei dantzariek Agurra dantzatzen dute, eta, azkenik, arku eta ezpatekin pasabide bat egiten dute, txistulariak kalejira bat jotzen duen bitartean, ezkongaiak eta gonbidatuak pasatzeko.
- Bi dantzari eta txistulari batek parte hartzen dute. Elizatik ateratzean, bi dantzariek Agurra dantzatzen dute.
- Dantzari bat (neska zein mutila) eta txistulari batek parte hartzen dute. Elizatik ateratzean, dantzariak Agurra dantzatzen du.
Ezkontza baterako gurekin kontaktuan jarri nahi baduzue idatzi gure helbide elektronikora.
DANTZA ESKOLA
Lehen Hezkuntzako 1. mailatik (6-7 urte) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila arteko gaztetxoak aritzen dira dantza-eskolako taldeetan. Taldeak garrantzia handia ematen die talde horiei, etorkizunean talde horietako gazteak izango baitira tradizioa hurrengo belaunaldiei irakatsiko dietenak.
Dantza-eskolan dauden bitartean, batez ere, Gipuzkoako dantzak ikasten dituzte. Gainera, dantza ikasteaz gain, aukera paregabea izaten da lagun berriak egiteko, baita egiten diren irteeretan beste herri eta dantzak ezagutzeko ere.
Gaur egun, 40 dantzari ari dira dantza-eskolan.
Jarraitu Arkaitz Dantza sare sozialetan
Zalantzaren bat?
Idatzi email honetara:
Egin zaitez bazkide eta parte hartu!!!
Zu bezalako partaideak behar ditugu.
Elkarlanean Añorgako bizitza sortu dezagun!