Gure Elkartea kirol elkartea bezala jaio bazen ere, urteak aurrera Kultur hitza erantsi zitzaion asmo irmoa adierazi nahiean. 1924an lehen zinema proiektorea erosi zen, garaiko zinema mutuakin hasi eta zine forumak antolatzeraino. 1930an lehen antzerkia antolatu zen Karmen jaietan (1922tik geroztik ospatzen dira), eta txontxongilo emanaldia izan zen. 1940an Jolas etxeako Koadro Artistikoa jaio zen, Añorgako lehen antzerki taldea. 1945an Aire Zabaleko Antzerki taldeak xorro xorro bere bidea egin eta probintziako abangoardia izan zen. Hauek Elkartean garai bateko datu aipagarri batzuk besterik ez dira.

Gaur egun Antxon Aiestaran Kultur Etxea deritzon eraikina 1953an eraiki zen. Añorgako Aretoa izena jarri zioten eta eskaintza kulturala nabarmen aberastu zuen. Garaiko arkitektura modernoaz baliatuta, eraikina 2 solairuk osatzen dute. Behean 298 besaulki, 5 metro sakonera duen eszenatokia eta atzean jantzitegia eta aldagela. Goiko pisuan berriz, proiekzio gela eta 98 besaulki zituen. Martxan jarri ziren lehen kultur generoak zinema eta antzerkia izan ziren. Denboraren poderioz auzotarrak bultzatutako zenbait jarduera abiarazi eta martxan jarri ziren, esaterako Solfeo eskola, mendizaleen bilgunea, gimnasioa eta halterofilia. Bertan hasi ziren Añorgako lehen eskolako klaseak, talde desberdinen musika entseguak eta gaur egun bere egoitza duten Arkaitz dantza taldea, Gorga historia Mintegia, Erraldoi eta buruhandien konpartsa eta Gazte asanblada. Egun auzotarren bilerak, hitzaldiak, antzerkiak eta kontzertu ugari antolatzen dira bertan eta Añorgako motor kulturala izaten jarraitzen du.

Aipagarria iruditzen zaigu 1997. urtean buruturiko “Añorgako Historia” antzerki pastorala. Elkartearen 75. Urteurrenaren harira ehundaka herritarrek hartu zuten parte eta ikustea gomendatzen dizuegu.

Añorgan Kultura bultzatu duten bolondres guztiak aipatzea gustatuko litzaiguke bukatzeko: musikari, dantzari, abeslari, antzezle, bertsolari edota jaien antolakuntzan, urtekariaren argitalpenean eta beste hainbat kontuetan parte hartu duzuon guztioi eskerrik asko bihotzez, norberaren ekarpena beharrezkoa delako!

Elkarteko junta berriarekin batera, kulturako taldea sortu da 2018ko irailean. Urtean zehar, hainbat ekimen-kultural antolatu dira Añorgari aisialdia, bizitasuna, berritasuna eta ekarpena emateko asmoz, eta horretarako, askotariko eskaintzak izan dira: antzerkia, musika eta bakarrizketa besteak beste.

Abenduak 3 euskararen eguna izaki, hamaika eguneko añorgaldia ospatu zen egitarau zabalarekin: Azaroak 23an, “Bakean dagoena bakean utzi” Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren bakarrizketa izan zen museoan. Oro har, añorgatarrek barre egin zuten. Batez ere, 30 eta 50 urte bitarteko emakumeek euren burua identifikatuta sentitu ziren, gertukoa egin baitzitzaien gaia.

Egun horietan zehar ere haurrentzako jolasak, helduen karaokea eta Mihiluze herrikoia antolatu zuen Euskara Batzordeak, azken honek batez ere oso partehartze handia izan zuen eta egin den bakoitzean ikaragarrizko pasarteak eskeintzen dituena.

Abenduak 2an, igandez, Agustin Alkhat eta Anariren arteko kontzertu emanaldia izan zen Añorgako zinema aretoan. Herritarren partetik, erantzun ona izan zuen ekitaldiak eta gutxi gora behera 250 pertsona inguru bertaratu ziren. Soinuari dagokionez, kontzertua antolatzeko apustu berezia egin zen eta horrek, eta musikarien lanak, bere emaitza eman zuen; txapela kentzeko moduko ikuskizuna izan zen.

Abenduak 24an, eguerdi partean irten eta gau aldera erretiratua, baserriz baserri kantuan aritu ziren urtero legez añorgatarrak. Olentzeroren aitzakian, abesti berria sortu zuten eta bereziki aipagarria izan zen, guztiok maite dugun Joniri Nicaragua Nicaraguita kantua abestea. Bertako partaideen arabera, geroz eta jende gehiago biltzen omen da kantuan aritzera.

Unanue Zar baserria eraberritu eta gero, hotela martxan jarri dute. Hori horrela izanda, eta hauek Añorgarekiko harremana estutu nahian, urtarrilaren 27an parte hartzeko egitaraua antolatu zuten: baserriaren jatorria azaldu,, familiaren nondik norakoak kontatu eta sagarrarekiko duten harremana ezagutarazi zieten han elkartu zen 50 laguneko taldeari. Bertaratuek gainera, makina zahar baten bidez, sagar zukua egin eta dastatu ahal izan zuten. 

Antzerkiari dagokionez, txinparta antzerki taldeak aurkeztuta, Zurrunbiloan antzezlana ikusteko parada izan zen Otsailaren 9an. Nerea Gorriti eta Ander Azurmendi protagonistak Iñigo Dierezen gidoian murgilduta eta Asieer Orueren gidoiean aritu ziren. Lugaritzeko kultur etxearekin elkarlanean aritutako poltsiko antzerkiko egitarauan barnean, museoak gainezka egin zuen. Ikusleen arabera, zinez antzezlan entretenigarria eta gustagarria izan zen.

Garai bateko tabernako kontzertu txikien haria berreskuratu nahian, eta igandeei bizitasuna emateko asmotan, Up-eko zakurrez janzten den Gartxot bakarlariaz gozatu ahal izan zuen ikusleak otsailaren 24an. Gartxot hainbat proiektutan jardunean dabilen sortzailea da, formatu honetan, gustuko dituen bertsioak kantatzen ditu gitarra eta pedal berezi bat lagun dituelarik. Baina esaterako, bertsio hauei sortzaileak sortutako letrak jarrita kantatzen ditu euskaraz. Espero ez zen jendetza bildu zen Añorgako Jolas Etxean, baita bertara inguratu ohi ez dena ere. Kontzertu intimo eta zirraragarria izan zen musikari artistaren transmititzeko gaitasunak bultzatuta.

Añorgako igande arratsaldeei berriro ere helduz, martxoaren 17an Gildas Hot Cluben kontzertua izan zen Jolas Etxean. Lehenengo aldiz, jatetxe barnean egin zen. Swinga dantzatzeko aukera ematen zuenez, Donostiako Lindy Hop dantza taldeko hainbat eta hainbat kide bertaratu ziren Añorgakoez gain. Ikusleen artean, hainbat belaunaldiren presentzia suma zitekeen: haurrak, gazteak eta helduak. Behin baino gehiagotan aipatua izan da gainera, kontzertu berezia izan zela hura. Alaitasuna nagusituta, soinua ere lagun, tarte eder batez gozatu zuten denek.

Festetarako lagungarria izan daitekeen dirua ateratzeko aitzakiarekin, barrikotea antolatu zen Añorgako zinema aretoan martxoaren 23an. Bazkaria dastatu ahal izan zutenek estimua agertu zieten borondatez sukaldean aritu zirenei. Bertako sagardoak lagunduta, halaber, umoreak presentzia handia izan zuen bingoaz gozatzeko aukera izan zen, hainbat sari banatu zirelarik. Egun hartako giro onaz gozatzeko asmotan, Hertzainaken bertsioak jotzen dituen Txalainak bikoteak, emanaldi beroa eman zuen gaztetxean.

Korrika-kulturalaren egitarauan barnean antolatu zen Hiri Galduaken kontzertua. Hau ere, jatetxe barnean izan zen. Lehenengo aldiz izan zen bateria honako formatuan. Entzuleen arabera, soinu burrunba handia zegoen nahiz eta musikariak oso gustora jo.

Maiatzaren 11n, larunbata, Moonshine Wagon bluegrass musika taldea aritu zen Jolas Etxeako jantokian. Bertako, eta ingurutik etorritako zaleek umore ederrean energiaz beterik izerditu zituzten kamisetak: saltoek, oihuek eta irrintziek lagundu zuten giroa. Musika taldeko artistek publikoa zeharo nahasi eta juergarako bidea zabaldu zuten. Gauaz gozatzen jarraitzeko, Eman eta Emak DJak izan ziren goizeko ordu txikiak arte giroa animatuz.

Urteko ekimenen zikloa ixteko, Añorgako Olatu Talka izan zen Ekainaren 1ean. Lehenik eta behin, Gorgain Guraso Elkarteak bigarren eskuko merkatua jarri zuen egunean zehar. Horri jarraipena emateko, Añorgatarren arteko auzolana izan zen harrobiaren plazan. Eskailerak urdinez atondu zituzten eta aitzakia horrekin eta beroak lagunduta, hainbat sagardo botilaz gozatu ahal izan zuten auzolanean parte hartu zutenek. Arratsaldean, nolabait itzalean babestea lortuta, perkusio tailerrean jardun zuten partaideek. Entrenamendu handia zuen Mustak, engainatua behar zuen hori, ondo engainatua, giro polita sortzea ahalbidetu zuen. Barre algarak eta dantza saioak lagunduta, konfiantza eremu baten inguruan, danborra lau haizetara joz aritu ziren partaideak. Egunari amaiera fina emateko asmotan, Kimetz eta Maitanek emanaldi goxoa eskaini zuten eguzkiaren azken izpiak sartu zirenerako.

 

Berriro ere indarra hartzen

Iraileko eguzki izpiak eta nekez, herrietan topa genezakeen gure plaza probestuz, zarauztarra de Serge artista izan zen gurean. Gari Berasaluzek idatzitako poema liburua oinarri hartuta, zortzi abestiko disko akustiko eta intimista aurkeztu zuen.

Igande atsalde izaki, hamabost bat lagunek gozatu zuten gertuko emanaldi hura.

 Urriak 31n, Gau Beltzaren inguruko egitaraua antolatu zuen guraso talde batek. Bereziki honako ekimen hau antolatzeko orduan, etxeko jantzi eta trapuen berrerabilera egiteari garrantzia eman zitzaion. Askotan, beldurra ematea genero bati dagokionaren uste horretan, indibiduo bakoitzak jasan eta eman dezakeen zerbait dela aldarrikatu zuten. Haurrek, ekimenean ilusioa zutela eta, parte hartze handia izan zen. Egunari begira, hainbat ekintza izan ziren: eskulan tailerrak, beldur ibilbidea, dantza herrikoia, norberaren beldurrak erretzea eta azkenik, Napardeath filma. Nahiz eta lehenago antolatu gabeko festa zen, badirudi, urteko egitarauaren barnean finkatu daitekeela.

Azaroaren 3an, Berako Petti euskal blues izarrak sekulako emanaldia eskaini zuen. Zaleak gose eta artista sukaldari. Gutxik dute gitarra batez eta zuzeneko ahotsaz baliatuz, halako indar eta espektakulua emateko gaitasuna. Batzuetan letra errezitatuz, besteetan melodiak eginez eta antzerkiari ere bere tartea eskainiz, performance borobila eskaini zigun. Igandea izateko, uste ez bezainbesteko jendetza bildu zen Jolas Etxeako jangelan gainera. Belarriak goxatuta eta eztarria bero, astelehena gogoz hasteko berrindartuta bueltatu zen etxera ikus-entzulea.

Azaroak 29ko ostiralak eman zion hasiera euskararen asteburuko egitarauari.

Hasteko eta behin, gazteek bertso emanaldia eskaini zuten Jolas Etxean. Afalostean, Physis Versus Nomosek “Arraro nioenean” disko berria aurkeztu zuen. Auzotarrak aparte, Donostia aldetik ere hainbat gazte bertaratu zen. Elektrikoan jo beharrean gainera, formatu erdi akustikoan jo zuten. Hala, gerturatuko zaleak gozatu egin zuen.

Azaroak 30ean irrintziari buruzko “Erraiak” dokumentala proiektatu zen Museoan. Afalosteari tarte umoretsua emanez, Txikiren “40 urte eta aldapan behera niek” bakarrizketa izan zen Jolas Etxean. Badirudi, gazte garaia berriro ere bizitzeko aukera izan zutela bere belaunaldikoek.

Abenduak 14a egun berezia izan zen Añorgatarrentzat. Izan ere, Beñat Gaztelumendik Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen. Auzotarren harrera beroa jasotzearekin batera, afari herrikoia egin zuten.

Egun berean, Donostiako Lindy Hop dantza taldeak lagun batzuekin batera, swing kontzertu gau berezia antolatu zuten zinean: nahiz eta añorgatar gehienak Jolas Etxe inguruan zebiltzan, ehun eta hirurogei zalek izan zuten dantzatzeko parada. Musika taldeen artean, Gipuzkoako Vodoo Charms eta Gildas Hot Club izan ziren. Musika talde internazionala den Doc Scalon`s Cool Cat Combok bukaera apoteosikoa eman zion gauari.

Gabonak zuretzat programa, Añorgatxikitarrak auzo elkartearekin batera antolatu zen. Honakoa izan zen haur eta gazteei zuzendutako egitaraua: Abenduak 22an Mari Domingi kontu kontalaria, 27an Mari, Meri eta Lariren lehen antzerki ikuskizuna, 28an berriz, Lotte filma, 30an Zurjole marketeria tailerra. Oro har, haurrek ondo pasatzeko beta izan zuten, baita asko ikastekoa ere.

Poltsiko antzerki jaialdiaren barne, “Inpro-komeryak” antzerki eta inprobisazio saioa izan zen urtarrilaren 31n Museoan. Iñaki Maruri, Mikel Bermejo eta Mitxel Santamarina artistek, show berritzaile bat estreinatu zuten. Bertan, ikuslearen parte hartzea eskatzen zen. Beraien ekitaldi bakoitza publikoaren araberakoa da eta. Inprobisazioa den heinean, eta publikoak hartu-eman zuzena duenez, esan daiteke Añorgan ikusitakoa bakarra izan zela.

Otsailak 1ean Lumiren kontzertua izan zen Jolas Etxean . Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek sortutako Pop elektronikoak Donostia inguruko hamar bat musikari gerturarazi zituen. Añorgatarrei begira ordea, beharbada larunbata gaua izaki, lau katu hurbildu ziren. Oro har, gerturatutako publikoa oso gustora sentitzeaz aparte, doan izateak harritu zituen. Zalegoak gertutasuna eta berak duen berotasuna adierazi zuen orokorrean.

Otsailak 23an, Afrika Bibang bizkaitarrak, Rock Lee eta Charles Cooperrekin batera, bere “Nomada” diska berria aurkeztu zuen formatu akustikoan . Terrazan izatearekin batera eta lehenengo aldiz igande eguerdi inguruan, normalean kontzertuetara azaldu ohi ez den jendeak ere izan zuen Añorgako ekimen kulturalen berri. Afrikaren ahots deigarri eta ozenak eta taldearen soul eta funky erritmoek, beste testuinguru bateko musika, Harrobiaren plazara ekarri zuten.

Egunean bertan, arratsaldeari begira, lehenengo aldiz ireki da filmak museoan ikusteko ziklo bat. “Zinema Familian” normalean hilean behin eta igande arratsaldez, haurrei begirako film bat ikusteko aukera jarriko da. Gainera, bertan egindako krispetak banatuko zaizkie. Otsailak 23fra begira, “Pirata arratoia eta hazteko beste hainbat abentura” filma proiektatu zen. Deigarria izan zen oro har familien gertutasuna. Esaterako, bete egin zen museoa eta haurrak oso ondo pasa zuten.

Egun pairatzen ari garen egoera lazgarri honek, arestian aipatutako zikloa eta antolatzaileen erritmoa erabat eten du. Adibidez, martxoaren 27an Paxkal Irigoyenen kontzertua eta maiatzaren 30ean Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldiarekin batera egin beharreko bertso bazkaria beste gauza askoren artean.

Ilusio eta gogo handia dugu berriro ere ekimen kulturalak antolatzeko. Eta ulergarria da auzotarrok ere nahi izatea. Hortaz, inork proposamenik balu, ongi etorria izango da.

Festak

Jarraitu Añorgako Kultur ekitaldiak sare sozialetan

Egin zaitez bazkide eta parte hartu!!!

 
 

Zu bezalako partaideak behar ditugu.
Elkarlanean Añorgako bizitza sortu dezagun!

X