OTSAILAREN 10EAN EGINGO DUGU DIBERTIMENTUA
Urt 8, 2024 | Kultura |
OTSAILAREN 10EAN EGINGO DUGU DIBERTIMENTUA
Eguerdian bazkari herrikoia egingo da plazan, eta sarrerak salgai daude Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko bulegoan. Jokalariak buru-belarri ari dira lanean udazkenetik, eta urtarrilaren 13 eta 27 goizetan entsegu orokorrak egingo dituzte. Oraindik ere parte hartzeko aukera dago.
2022an tradizio berri bat sortu genuen auzoan: Dibertimentua. Inauteria aitzakiatzat hartuta, urtez urte berrituko zen ekitaldi bat sortu genuen Añorgan sustraituta zeuden hiru kultur adierazpide elkartuta: dantza, bertsoa eta antzerkia. Geroztik proposamenak garapen nabarmena izan du eta 2024ko Dibertimentuak hitzordua jarria dauka jada: otsailaren 10a, larunbata. Goizean Añorga-Txikitik abiatu eta Karmengo Ama eta Pedro Josetik igaro ondoren, eguerdian Harrobiaren Plazan borobilduko da saioa.
Bazkaritarako sarrerak salgai
Behin plazako emanaldia bukatutakoan herri-bazkaria egingo da. Otordurako sarrerak salgai daude jada Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko bulegoan. Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitartean erosi ahal izango dira. Klubeko bazkideek 18 eurotan erosi ahal izango dituzte eta, gainerakoek, 22 eurotan. 16 urtetik beherakoei dagokienez, berriz, bazkideek 10 eurotan eskuratu ahal izango dituzte eta bazkide ez direnek 14 eurotan. Otsailaren 2an itxiko da sarrerak erosteko epea.
Entsegu orokorrak urtarrilean
Udazkenetik buru-belarri lanean ari dira dantzari, musikari, joaldun eta jokalariak. Urtarrilaren 13an eta 20an, goizez, entsegu orokorrak egingo dira plazan (eguraldi txarra egingo balu zinean).
Aurtengo honetan, gainera, parte-hartzea erraztu asmoz, beste talde bat ere batu da ospakizunera: dantzari beteranoena. Nahi izanez gero, oraindik ere aukera dago bertan izena emateko. Eta beste edozein lanetan lagundu nahi duenak ere entsegura etorri eta izango du non aritua.