Omenaldi hunkigarriak mendeurren bazkarian

Abu 28, 2022 | Añorga KKE | 0 comments

Goizean Rezolan eta Antton Ayestaran kultur etxean ekitaldi protokolario eta instituzionalak eginda, eguerditik aurrera jendez bete da Harrobiaren plaza. Ertizka otxotearen kantuek girotuta, elkarteko batzarkideek soka-dantza egin dute segidan. Haritz Ilarramendi presidentea izan da aurresku eta Arantxa Soroa presidenteordea atzesku. Sokari segika eseri dira 400 bat bazkaltiar mahaian.

Omenaldiak

Plater eta plater artean auzoko zenbait eragile eta elkarte omendu ditugu. Urte luzeetan elkarlan estuan aritu izan gara eta aritzen garenez, beren lanaren aitortza egitea izan dugu helburutzat.

Oroigarri berezia

Okasio bereziak oroigarri berezia eskatzen duenez, lau añorgatarrek elkarrekin sortutako eskultura bana eman zaie omenduei. Amaia Arnaiz, Koti Esnaola, Aitzol Goikoetxea eta Arantxa Soroak egin dute artelan berezia, Añorgaren esentzia sinbolizatzen duten elementuekin. Hiru materialekin osatu dute beren lana: azalpenik behar ez duen porlanarekin irudikatu dute Rezola fabrikan dagoen irudi geometrikoz osatutako panela, corten altzairuarekin denboraren joana, eta eta egurrarekin Añorgan sarritan ezkutuan dagoen natura.

Omenduak

Honako hauek omendu ditugu gaurko bazkariak zehar:

Ertizka otxoteak bere historiako azken emanaldia egin dute gaurkoan, eta mende erditik gorako ibilbide arrakastatsuarekin batera, Añorgaren izena mundu osoan hedatzen egindako lana goraipatu du saria eman dien Ketxu Marañon presidente ohiak.

Añorgaren eremu geografikoan hedatuta dauden elkarteen txanda izan hurrengoa. Bertsoz hartu dituzte Asier Azpiroz eta Unai Gaztelumendi bertsolariek Atotxa Erreka, Errekalde eta Añorgatxikitarrak elkarteetako ordezkariak.

Transmisioa mendeurren honetako gako nagusietako da. Xabier Matxainek 2122 urteko añorgatar baten paperetik egindako monologoarekin omendu ditugu Amassorrain, Gazte Asanblada eta Gure Kabia. Ederra izan da adin anitzekoak elkarrekin ikustea, belaunaldien arteko harremana funtsezkoa baita gurean.

Lierni Otamendi eta Joseba Aranburuk Herri zahar hau kanta jotzen ekin zaio hurrengo omenaldi-sortari. Pixkanaka, lotsak gainetik kendu eta guztiek kantatu dute. Memoria ardatz duten eragileak omendu ditugu oraingoan: Gorga, Eliza eta Añorga Escolar urtekaria.

Berrogeita bost urte behar izan ziren emakume batek zuzendaritza batzordean parte har zezan. Ezekiel Illarramendi lehendakari zela sartu ziren lehendabizikoak, 1967an Bide urratzaile haiek omendu ditugu: Mariaje Nogués, Mari Carmen Zapirain eta Arantxa Soroa. Horiekin batera, elkartea sortu eta 92 urtera lehendari izan zen lehen emakumea: Agurtzane Manterolak hautsi zuen kristalezko sabai hori.

Bazkide eta zuzendaritza batzordeak

Elkartea bazkiderik gabe ezer ez denez,bazkide guztien izenean, bi pertsona oso berezi igo ditugu oholtzara: Maria Sagrario Morcillo bazkideen artean lehendabiziko emakumea, eta Bernardo Berasategi bazkide guztien artean bigarren gizona da, goizean omendutako Ramon Azkarateren atzetik. Bernardoren ordez bere alaba Garbiñek jaso du oroigarria.

Azken-azken omenaldia batzarkide eta presidente ohiei gorde dizkiegu. Urtez urte, ordu amaigabeetan itzaleko lan izugarria egin duten auzotarrak. Banan-bana izendatuta harmailara igo dira azken hogeita bost urteotako 87 batzarkideak. Bakoitzak jaso du elkarteko zilarrezko domina.

Azkenik, bizirik dauden 11 presidenteei AKKEko urrezko eta diamantezko domina eman zaie. Honako hauek dira:

  • Ramon Azkarate
  • Matias Goldarazena
  • Juanito Berasategi
  • Angel Uralde
  • Xabier Iribar
  • Ketxu Marañon
  • Iñaki Otabarte
  • Xabier Altuna
  • Eneko Sierra
  • Agurtzane Manterola
  • Haritz Illarramendi

Omenaldien saila amaitzeko gaur egungo zuzendaritzako kideek erakutsi dute batzordekide askoren argazkiekin osatutako mosaikoa. Posible izan den guztiak daude argazkian, baina oraindik ere dezente falta ditugu. Ea osatzea lortzen dugun!

Berriz ere “Herri zahar hau” modu inprobisatuan kantatu ondoren, dj Gariren musikarekin jarraituko du festak.

Berriak

X