OTSAILAREN 18AN ITZULIKO DA DIBERTIMENTUA

Ots 9, 2023 | Añorga KKE, Kultura | 0 comments

OTSAILAREN 18AN ITZULIKO DA DIBERTIMENTUA

 Iaz bezala, aurten ere goizean goizetik auzoan barrena ibiliko dira dantzari, bertsolari, musikari, danbor-jole eta jokalariak. Eta berrikuntzak ere izango dira, auzoko joaldun gazteak lehenengoz aterako baitira joareak astintzen. Goizuetarrak ere etorriko zaizkigu bisitan.

KALE-JIRA GOIZETIK

  Goizeko 10etan hasiko da festa, Añorga-Txikiko Atotxa Erreka Elkartearen parean. Handik abiatuko dira aurtengo jokalariak. Añorga Txikiko goialdean emanalditxo bat eskaini ondoren Karmengo Amara abiatuko dira Giri eta konpainia, musikaz girotuta. Karmengo Aman bigarren geldialdia egin ostean Pedro Josera iritsiko da martxa.
    Azkenik, Harrobiaren Plazan emanaldi luzeago bat eskainiko dute dantzari, zirtzil, bertsolari eta musikariek, eguerdian.

KOMUNITATEA TRINKOTZEKO TRESNA

   Guztira 100 lagun inguruk hartuko dute parte aurtengo Dibertimentuan. Dena den, emanaldia ikustera datorrena ere ez da ikusle soila izango, jokalariek etengabe zirikatuko baitituzte begira daudenak. Eta ibilbidean zehar elkarrekin kantatzeko aukera ere izango da.
     Iaz sortu zen Dibertimentua, Añorga Kultur eta Kirol Elkartearen mendeurrenaren aitzakian. Helburua argia zen: sorkuntza ardatz harturik, añorgatarrek gure buruari barre egiteko eta elkarrekin gozatzeko kode bat garatzea. Horretarako, euskal kulturan pisu handia duten eta, modu bereizian lantzen badira ere, elkarri lotuta dauden lau diziplina elkartzea zen asmoa: dantza, antzerkia, bertsoa eta musika. Lau diziplina horietan aritzen diren auzotar asko dauzka Añorgak, gainera.
     Iazkoaren arrakastaren ondoren, irailean hasi zen auzotar talde bat aurtengo Dibertimentua prestatzen.

ENTSEGU OROKORRA ETA ZOMORROEN PRESTAKETA

   Dibertimentua otsailaren 18an egingo badugu ere, oraindik lan ugari daude egiteko. Tartean, egun horretako pertsonaiek eramango dituzten arropak eta jolaserako beharko diren tresnak prestatzeko hitzordua jarri dute antolatzaileek datorren otsailaren 11 goizerako.
Parte hartu nahi duena lasai gertura dadila laguntzera!!

 

Berriak

X