Iker Martinez eta Zaldi Herrenak + Ramada Inn Kontzertua

Urt 18, 2022 | Kultura | 0 comments

kontzertua

Hurrengo kontzertua antzokian eserita gozatu ahalko duzue, mahaietara itzuliko gara!!

Sarrera aurretik hartu nahi ezkero hemen duzue esteka:

https://entradium.com/events/iker-martinez-eta-zaldi-herrenak-ramada-inn-anorgan

Iker Martinez de Zuazo (Latzen, Potemkin, Amonal, Lenao) musikari oñatiarrak gidatzen du “Iker Martinez eta zaldi herrenak” proiektua. Hirugarren disko honetan, lehen aldiz Zaldi herrenak taldearekin elkarlanean jorratu ditu kantuak Ikerrek: berak sortutako melodia eta hitzak, oraingo honetan, taldearekin bat egin eta lokalean denen artean ondu dituzte; eta, estudioan, denek batera jotzen grabatu.

Disko honetan, aurreko diskoetako kantu eta kontu goibelak indarra galduz joan dira, kantu alaiagoei tokia emanaz. Soinu akustiko eta organikoetatik asko urrundu gabe, Zaldi herrenek azal elektrikoagoa eman diete Ikerren kantuei, soinu biziago eta trinkoagoa lortuz. Abesti itsaskorrak dira, leun egiten dutenak aurrera, airean hegan joango balira bezala. Hortik dator diskoaren azala bera ere: Iker eta Zaldi herrenak dira, eguzkia zeharkatuz, leunki eta aske, diskoa osatzen duten hamar “hegaldietan”.

Hitzak Ikerren harreman sarearen isla dira: inguruan izan dituen maitale eta lagunei idazten die, harremanetako ñabardura txikiak azaleraziz, beti ere tonu alai eta jostalarian. Gauza txikien garrantzia handiaz ari da, orainaren garrantziaz, garena era soil eta lasaian izan eta bizitzearen garrantziaz.

Ramada Inn” taldea osatzen dute ibilbide luzeko zein estilo desberdineko musikariek, aurretik talde nahiz bakarkako proiektuetan arituak dira: Juan Valls kitarra eta ahotsean, Ander Etxaniz baxuan (Lenao, Zingira), Iñigo Ugarte kitarran (Malenkonia, Iker Martinez eta Zaldi Herrenak) eta Mikel Marko baterian (Herstura).

2021eko uztailean taldeak bere lehen lana grabatu du Andoaingo Garate estudioetan, Iñaki Zubia eta Martxel Arkarazoren gidaritzapean; proiektua urte hasieran argitaratzekoa da.

Diska 70eko hamarkadako rock klasikoan koka daiteke. The Who, Neil Young & Crazy Horse eta garaiko beste zenbait talde ditu erreferentetzat. Abestiak, halaber, hurbil daude esperimentaziotik eta folk indietik, gaur egungo taldeen estiloekin lotuak, hala nola Kurt Vile & The Violators, Daniel Romano ‘s Outfit…

Kantuen hitzak introspektiboak, kritikoak eta gordinak dira; batzuetan kontenplaziozkoak eta irudimen handikoak. Abestiak abiapuntu soil eta sinpleak hartuta, egoera surrealista eta gertagaitzetara iristen dira.

Berriak

X