Añorgako festen inguruko erakusketa jarri du Gorga Historia Mintegiak

Urt 4, 2022 | Sin categoría | 0 comments

Urteak dira Gorga Historia Mintegia Añorgako historia berreskuratzeko eta jendearentzat ikusgai jartzeko lanean hasi zenetik. Josema Mendiolak azaldu duen bezala, Gorga horretarako sortu zen: “etxeetako zapata-kaxatan zeuden argazki eta pelikulak hartu eta jendeak ikus dezala. Bestela etxean geratzen da eta ez du ezertarako balio. Horrela behintzat jendeak ikusi eta gozatu egiten du“.

Festen inguruko erakusketa martxan

Urteotan erakusketa bat baino gehiago jarri izan dituzte ikusgai, gairen bat aitzakiatzat hartuta. Abendu hasieran jarri zuten azkenekoa, Añorgako festen ingurukoa. Pilotalekuko eserlekuen atzealdean ikus daiteke argazki-bilduma, txukun-txukun jarria. “Erakusketan ikusten da ze gauza egiten ziren festetan hemen. 1940 ingurutik 2000. urtera arteko argazkiak daude, gutxi gorabehera. Gure ideia izan da jendeari erakustea zer egiten zen bere momentuan Añorgako festatan. Fama handia zeukaten Añorgako festek eta jende asko etortzen zen. Argazkietan ere ikusten da hori.” Halaxe adierazi du Josema Mendiolak erakusketan ikusten dena. Gaika sailkatuta daude festetako argazkiak: ginkana, oilasko biltzaileak, jendetza… 

Gustuko argazkiren bat ba ote daukan galdetuta, erantzun argia eman du Josema Mendiolak: “Ginkanarena gustatzen zait. Ze jende pila egoten zen eta nola prestatzen zuten ginkana. Gidoi bat bezala zeukan. Jende ezberdin pila bat ateratzen zen“.

Eguneroko lanean jarraitzen du Gorgak

Hurrengo erakusketa jarri arte hortxe egongo dira argazkiak, nahi duenak ikusteko moduan. Oraindik ere eguneroko lanean jarraitzen baitu Gorga Historia Mintegiak: jasotako artxiboak antolatzen, txukuntzen eta jendearentzat ikusgai jartzen. Oraindik ere, norbaitek etxean argazki edo irudi zaharrik gordeta izango balu, gustura jasoko lukete Gorgako kideek.

Berriak

X