Giro ederrean ekin diogu mendeurren egunari

Abu 28, 2022 | Añorga KKE | 0 comments

1922ko abuztuaren 28an sortu zen Añorga Kultur eta Kirol Elkartea. Astelehen hartan Rezolako aroztegian bildu ziren, arratsaldeko 18:30ean, artean “Añorga Kirol Elkartea” izango zenaren lehendabiziko biltzarrera deitutako auzotarrak. Ehun urteko historiaren ondoren, ikasturte oso bateko ospakizunak antolatu ditu Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak. Ospakizunak gaur borobilduko dira, goizez eta arratsaldez egingo diren ekitaldiekin.

Langileei omenaldia Rezolan

Rezola porlan fabrikako langileak izan ziren 1922an Añorga Kirol Elkartea sortu zutenak. Oinarri hori gogoan, Rezolan bertan hasi dira gaurko omenaldi eta esker-emate ekitaldiak. Korrikalari batek lekuko batean ekarri du elkartearen eratze-agiria, garai hartan Ramon Rezola lehendakariak eta Francisco Arizmendi idazkariak sinatu zutena. Ainhoa Bakerok, gaur egungo idazkariak, irakurri du agiria.

Jarraian, Arantxa Soroak, gaur egungo lehendakariordeak, ekitaldiaren inguruko azalpenak emateaz gain eskerrak eman dizkie bai Rezolako langileei eta baita lantegiari berari ere. Gogoan izan behar baita lantegiaren babesean hazi zela elkartea, eta baita elkarteak gaur egun erabiltzen dituen azpiegiturak ere.

Arantxa Soroaren hitzen ondoren, Maitane Goldarazena eta Maddi del Kanpo aurkezleek eman diote ekitaldiari segida. Kluba sortu zuten langileen ordezkari gisa Ramon Azkarate eta Mari Carmen Tardaguila omendu dituzte Rezolan. Klubeko 15. presidentea izateaz gain, gaur egun urte gehien daramatzan bazkidea da Ramon Azkarate. Historia tradizionalki gizonek kontatu badute ere, emakumeak izan dira itzaleko lanak beren gain hartu eta gizarteari eutsi izan diotenak. Hori gogoan, Mari Carmen Tardaguila ere omendu nahi izan dugu gaurko ekitaldian. Bien izenean Elena Azkarate alabak jaso ditu oroigarriak.

Ondoren, Rezolako lantegiari ere esker-oroigarria eman dio Arantxa Soroak. Rafael Pascual zuzendariak jaso du oroigarria. Rezola Museoari ere eskerrak eman nahi izan dizkiogu, auzoko ondare industriala eta ondare soziala lantzen egiten duen lanagatik. Amaia Llorente arduradunak jaso du oroigarria.

Omenaldi eta esker-emateez gain, Añorgako erraldoiek ere emanaldia eskaini dute Rezolan bertan.

Zuhaitz-landaketa zine parean

Behin Rezolako ekitaldia bukatutakoan, Añorgako Arkaitz Dantza Taldeko kideek Añorgako bandera astindu dute Gorga ibaiaren gainean, ibai horren inguruan hazi baita Añorga. Horrez gain, ezpata-dantza dantzatu dute. Omendu, dantzari eta gonbidatuak zine aldera joan dira jarraian, dantzarien babesean.

Behin zinera iritsitakoan, bigarren geldialdia egin dugu bertan. “Añorga Kirol Elkarte” izenpean sortu zena “Añorga Kultur eta Kirol Elkarte” bilakatu zen gerora, gaur egun ere kultura eta kirola, biak uztartzea baita auzoaren kohesioa lantzeko tresna. Uztartze hori gogoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gaztedia eta Kirol diputatuak, Harkaitz Millanek, jaso du lehendabiziko esker-oroigarria Haritz Illarramendi Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko lehendakariaren eskutik.

Ondoren, Donostiako Orfeoiari ere eskerrak eman nahi izan dizkiogu. Aspaldikoa da orfeoiaren eta Añorgaren arteko lotura. 1968an Antxon Ayestaran añorgatarra izendatu zuten Donostiako Orfeoiko zuzendari, eta Euskal Herritik kanpo ere Añorgaren izena zabaldu zuten. Añorgan bertan ere kanturako zaletasuna sustatu zuen Antxon Ayestaranek. Jose Antonio Sainz Alfaro zuzendariak jaso du oroigarria.

Jarraian, Real Sociedad S.A.D.-i ere merezitako esker ona adierazi diogu. Asko dira Añorgatik Realerako jauzia eman duten jokalariak. Azken urteotan harrobi-lana egiten da Añorgan, jokalariak kirolerako eta bizitzarako balio zehatz batzuetan heziz. Bide horretan, urteotan lankidetza estua izan dugu Realarekin.

Azkenik, Donostiako Udalari ere eskerrak eman nahi izan dizkiogu urteotan emandako babesagatik. Bere garaian Añorgako baserri batzuk parte hartu zuten Donostiaren sorreran, eta 1813an Donostia erre ondoren ere, añorgatarrek parte hartu zuten berreraikuntzan. Eneko Goia alkateak jaso du oroigarria Haritz Illarramendiren eskutik.

Haritz Illarramendik berak eskerrak eman nahi izan dizkie gaurko ekitaldian parte hartu duten erakunde eta norbanako guztiei, Añorga Kultur eta Kirol Elkartearen jardunaren oinarri nagusietako bat lankidetza dela azpimarratuz.

Ekitaldia bukatzeko, Haritz Illarramendik eta Eneko Goiak Donostiako Udalak Añorgari eskainitako pago purpura aurkeztu dute. Lankidetzaren eta denboraren joanaren sinbolo izango da aurrerantzean zine parean egongo den zuhaitza. Beñat Gaztelumendik bertso bat idatzi du zuhaitzaren pareko plakan jartzeko, eta bertso hori kantatuz bukatu da zineko ekitaldia.

Eguerdiko eguzki goxotan plazara bilduko dira auzotar eta gonbidatuak gero, Ertizka Otxotearen emanaldiarekin gozatzera.

Berriak

X