Otsailaren 26an Dibertimentua egingo dugu Añorgan

Ots 14, 2022 | Añorga KKE, Dantza, Kultura | 0 comments

Euskal Herriko hainbat txokotan inauteriak ospatuko dira otsaileko azkeneko asteburuan. Klubaren mendeurrena aitzakiatzat harturik, komunitatea indartu eta erritualak berritzeko aukera izango da aurtengo otsailaren 26an.

Dibertimentua goizean

Gure inguruan inauterien inguruan erritu ugari izaten dira: Inude eta Artzainak, Kaldereroak, Danborrada… Añorgan dantzak, antzerkiak eta bertsoak tradizio handia dute. Urte askoan bereizita landu badira ere, Euskal Herrian asko dira diziplina hauek uztartzen dituzten ereduak: Maskaradak Zuberoan, Libertimendua Behe Nafarroan… Aspaldiko ideia batetik abiatuta, Añorgan ere gure errituala sortu dugu: Dibertimentua.  Horretarako, auzoko iruditeria bestelako elementuekin lotu dugu, gure mundua kontatzeko modua lantzeko asmoz. Azkeneko hilabeteotan ia 80 lagun aritu dira emanaldia lantzen.

Otsailaren 26an egingo dugu Dibertimentua lehenengo aldiz. Bi zati izango ditu saioak. Lehendabizi, goizean abiatuta, Añorgako hiru gunetan ariko gara: 10:00etan Añorga-Txikin, 11:00etan Karmengo Aman eta 12:00etan Pedro Josen. Emanaldi labur bana egingo dugu geltoki bakoitzean. Ondoren, eguerdiko 13:00etan, Añorgako Harrobiaren Plazan izango da emanaldi nagusia.

Bazkaritarako sarrerak salgai

Behin emanaldia bukatutakoan, 14:30ean, bazkaria izango da plazan bertan. Bazkaritarako sarrerak gaurtik aurrera egongo dira salgai, 15 eurotan bazkideentzat eta 18 eurotan bazkide ez direnentzat. Prezioaren barruan paella, edariak (sagardo, ardo edo ura) eta postrea sartzen dira. Unean uneko osasun-neurriak errespetatuko dira. Parte hartu nahi duenak hemen izango du sarrera lortzeko aukera:

https://entradium.com/eu/events/anorgako-inauteriak-bazkaria

Auzoa egiteko tresna

Aurtengo Dibertimentuak lan-karga berezia ekarri du, lehenengoa izanik, dena asmatzeko baitzegoen. Dena den, urtez urte errituala sendotu eta garatzea da asmoa, añorgatarren egutegietan urtero iltzatuta geratuko den hitzordua izan dadin. Datozen urteetan edozein auzotarrek izango du parte hartzeko aukera. Dibertimentuaren bidez komunitatea sendotzea da asmoa, eta diziplina ezberdinak (dantza, bertsoa, musika eta antzerkia) elkarrekin lantzeko aukera eskainiko die auzotarrei.

Nola mozorrotu

Baina Dibertimentuko parte-hartzaileez gain, edonork izango du otsailaren 26az gozatzeko aukera. Horretarako, aski da mozorrotuta etortzea. Mozorrotzeak ez du arropa zehatz bat janztea esan nahi, norbere itxura aldatzea eta gorputza nahieran estaltzea baizik. Etxeko armairuren bateko arropa zaharrak, tela zatiak, maskarak, kapelak, margoak… Edozerk balio du mozorrotzeko.

Berriak

X