Ezpata-dantza itzuli da Donostiako kaleetara

Abu 19, 2022 | Dantza | 0 comments

Egun berezia hautatu zuten añorgatarrek “Donostiara joateko”: abuztuaren 15a, Ama Birjinaren Eguna, edo nahiago bada, Orregako garaipenaren eguna. Edozein kasutan, jai handia eta berezia da Euskal Herriko toki askotan, baita Donostian ere, turismora bizi den hiriak bere memoria asko erreparatzen ez dion arren.
Ohore eta protokoloetarako eguna da. Horregatik, hiri zaharreko auzo historikoak bisitatzen ditu ezpata-dantzak: portua, Santa Maria (joxemaritarrak) eta San Bizente (koxkeroak). Portaletasetik irten, Parte Zaharra aldez alde gurutzatu, eta Hiriaren zilborrera iritsi da ezpata-dantza, Konstituzio plazara. Ttunttuneroen plaza esaten zitzaion lehen, dantza-maisu ziren ttunttunero edo txistulariek han egiten zituztelako erromeriak.
Donostiaren bihotzean Añorgako Dantzarion bandera astindu, eta Brokel-dantzaren zikloari ekin diote: uztaiak, brokelak, makilak, zintak… erritmo bizian. Haren segidan, soka-dantza, festa abiatzeko eskuz esku osatuta. Urtero legez, indarrak berreskuratzeko bazkaria Alperrak kuadrilakoek prestatu diete, Gastronomika elkartean.

Berriak

X