Joan zen urteko abuztuaren 28an abiatu genituen Añorga Kultur eta Kirol Elkartearen mendeurreneko ospakizunak. Oraindik ere pandemia garaiko osasun neurriak indarrean zirela, Añorgako pertsona eta eragile ezberdinak biltzen aritu gara ordutik, auzoan gauzatu ditugun dozenaka ekimenen bidez. Horixe baitzen ospakizunen helburu nagusietako bat: berriz ere plaza hartzea, gure artean biltzeko guneak indartzea eta auzoari bizipoza eta kohesioa ematea.
Igande honetan beteko dira ehun urte Rezolako langile-talde batek fabrikako laborategian Añorga Kirol Elkartearen lehendabiziko bilera ofiziala egin zuenetik. Efemeridea gogoratzeko eta mendeurrena merezi duen borobiltasunez bukatzeko kulturaz, omenaldiz eta esker-ematez betetako asteburu bat prestatu dugu.
Jurgi Ekizaren kontzertua gaur
Gaur bertan hasiko dira ekitaldiak, iluntzeko 19:30ean Jurgi Ekizak kontzertua eskainiko baitu Jolas Etxean. Musikari ezaguna da Jurgi Ekiza baionarra. “Willis Drummond” taldeko abeslari eta gitarra-jole gisa ezagutu zuten askok. 2015ean bakarkako bideari ekin zion, eta “Behi Bideko Andere Xuriak” eta “EraBatera” taldeetan ere aritu izan da geroztik.
Egitarau zabala datozen egunetarako
Datozen egunetan ere izango da non parte hartu eta zertaz gozatua. Hementxe duzue astebururako egitaraua:
Abuztuaren 26a, ostirala
18:00etan bertso saioa: Txapelketako saio baten simulazioa
Abuztuaren 27a, larunbata
17:00etan parkearen inaugurazioa
Ondoren merienda umeentzat eta Txantxangorri eta haur jolasak
18:00etan buruhandiak
19:00etan Zumba
20:00etan Bandera igoera
Ondoren bokatak Jolas Etxean
21:00etan AKKEren 75. urteurreneko antzerkiaren proiekzioa
Abuztuaren 28a, igandea
10:00etan eskertza eta omenaldi ekitaldia Rezola fabrikan
11:15ean eskertza eta omenaldi ekitaldia Antxon Aiestaran Kultur Etxearen kanpoaldean
14:30ean herri-bazkaria eta eskertza eta omenaldi ekitaldiak pilotalekuan
17:30ean bazkariaren itxiera
Ondoren “dj Gari”